Castellano Euskera English Français
Donostiako Tranbia Konpainia 1886ko abuztuaren 28an sortu zen, eta beraz Gipuzkoako enpresa zaharrenetakoa da. Urtebete baino lehen, 1887ko uztailaren 18an, Kontxatik abiatu eta Bulebarrean barrena Ategorrietako orgategira zihoan lehenbiziko ibilbide finkoa sortu zuen egun hartatik, donostiarrek euren joan-etorriak egin ahal izatea bermatu du Donostiako Tranbia Konpainiak joan diren 115 urteetan, hartarako, lau garraio-mota erabilita: zaldi-tranbiak, tranbia elektrikoak, trolebusak eta autobusak.
1887an 26.856 biztanle zituen Donostiak. Eta hiria handitzeko programa batean sartuta zegoen buru-belarri, urte batzuk lehenago, 1864an, hiri-harresiak eraitsi eta gero. Tranbia oinarrizko tresna bihurtu zen hiri-handitze hartan, denbora igaro ahala aparteago zeuden tokien arteko joan-etorrietako denborak murriztu baitzituen.
Hasierako ibilbidea, Kontxa, Bulebarra eta Ategorrieta lotzen zituen hura, laster luzatu zen bi aldetatik Bentaberrira eta Errenteriara 1890eko ekainaren 13an. Hilabete gutxi batzuk lehenago, 1888ko apirilaren 21ean, abiatu zen adar berri bat, tranbia-sarea eta Norteko tren-geltokia lotzen zituena.
Zaldi-tranbiak ("odol-motorea" deituak) laster erakutsi zuen zer mugak zituen. Horregatik, trakzio-sistema berritzea aztertu zuten konpainiako arduradunek. Lurrin-makina erabiltzea baztertu zuten, hiriko kaleetan barrena ibiltzean ke eta soinu handiak aterako zituelako, eta artean inor gutxik erabiltzen zuen sistema ezartzea erabaki zuten: trakzio elektrikoa.
1897ko abuztuaren 22an hasi ziren ibiltzen lehenbiziko tranbia elektrikoak Errenteria eta Ategorrieta bitartean. Urte hartan bertan, urriaren 22an, hedatu zen elektrifikazioa gainerako ibilbideetara. Gisa horretan, Donostia izan zen tranbia elektrikoak zituen estatuko bigarren hiria (lehenbizikoa Bilbo izan zen, hango lehen tranbia elektrikoa 1896an hasi baitzen lanean) eta bere zerbitzu guztiak elektrifikaturik zeuzkan lehen hiria (Bizkaiko hiriburuko zenbait ibilbidetan 1909ra arte erabili ziren animaliak tranbiaren aurrerako).
Mende berria hastearekin, zabaltze-aldian sartu zen Donostiako Tranbia Konpainia, behin Hernanirekin lehian hiri barneko zenbait ibilbidetarako lagapena eskuratu eta gero. Ibilbide berriok ondoko egunetan mustu ziren:
Hala berean, Bentaberri-Errenteria hasierako ibilbide hura bitan banatu zen, eta harrez gero Bulebarretik abiatzen ziren bi ibilbideak. Hortaz, hiriko garraioen gune nagusi bihurtu zen Bulebarra.
1948ko uztailaren 18an, garraio-sistema berri bat ezarri zen hiriko kaleetan; Bentaberriko eta Igeldoko ibilbideetan zebiltzan tranbia zaharren ordez trolebus elektrikoak sartu ziren. Estatuko ez ezik Frantziako, Britainia Handiko eta Amerikako Estatu Batuetako beste hainbat hiritan gertatu bezala, Donostiako tranbiak ia ez ziren berritu egin zirenetik, hau da, XIX. mendeko azken urteetan elektrifikatu ziren garai hartatik. Hortaz, gerraondo latza igarota, begien bistan zegoen ez zutela behar bezalako zerbitzua ematen. Baina Europako erdialdean egiten ari ziren bezala sistema modernizatu beharrean, onenak emanda zeuden tranbien ordez trolebusak sartzea erabaki zen. Garai hartako autobus dieselekin alderatuta, askoz ere hobeagoak ziren bai indar aldetik, bai azelerazioan, bai erabilerraztasunean eta ibiltzeko gozotasunean ere, gai kutsakorrik aireratzen ez zutela ahaztu gabe, baina alderdi honi ez zitzaion ematen garai hartan egun ematen zaion garrantzirik.
Bentaberriko eta Igeldoko ibilbideetan trolebusak jarri ondoren, gero Amaran ipini ziren (1949ko ekainaren 26an), gero Grosen (1950eko irailaren 25ean) eta ondoren Errenterian (1953ko urtarrilaren 12an). Bolada luze batez, 1958ko uztailaren 11ra arte, tranbia-zerbitzu labur bat ematen zen Ategorrietako orgategitik Herrera auzoraino, bide gehiena konpainiak berak prestatua zen, trenbide baten antzera (tunela ere bazuen), bestelako trafikorik handik igarotzen ez zela. Norteko tren-geltokira zihoan ibilbidean hiriko lehen autobus dieselak sartu ziren eta handik pixka batera ibilbidea Egiaraino luzatu zen, 1948ko uztailaren 18an.
Berrogeita hamarretik hirurogeira bitartean, Donostiako garraio-sarean hainbat hobekuntza txiki sartu zen, batez ere Amarako ibilbidea luzatzearen karietara. Izan ere, Amarako auzoa handitu ahala, zerbitzua urrutirago eraman beharra zegoen. Ekainaren 15ean Mendeurrenaren plazaraino luzatu zen ibilbidea, gero, 1960ko maiatzaren 26an, Pio XII plazaraino eraman zen eta 1961eko uztailaren 25ean Anoetaraino iritsi zen ibilbidea.
Hirurogeita hamarretik ondoko urteetan autobusak hasi ziren trolebusen ordez pixkanaka-pixkanaka, orduan ez zen aintzat hartu edo ez zuten jakin behar bezalako balio ematen, gai kutsakorrik aireratzen ez zuenez, ingurumenari kalterik egiten ez zion garraio-sistema bat edukitzeari. Izan ere, urte mordoan Donostiako Tranbia Konpainiaren sarea Leitzaranen kokaturik zegoen Bertxingo zentral hidroelektrikotik elikatzen zen. Garai honetan sartu ziren akaso nortasun handiena izan duten ibilgailuak: London Transport Executive enpresari modu onean erositako bi pisuko trolebusak.
Autobus-sarea hedatuz joan zen. Lehen hedapenetako bat Amaratik Ospitaletara zihoan ibilbidea sortzearekin batera etorri zen, 1960ko martxoaren 21ean, gero, 1966ko irailaren 19an, Altzako linea sortu zen, axola handiko ibilbideetako bat dudarik gabe.
1968ko abenduaren 31an hasiera eman zitzaion trolebusak ordezkatzeari, Bentaberriko eta Igeldoko ibilbideetan autobus dieselak ipinita. 1971n Groseko eta Amarako trolebusak desagertu ziren (martxoaren 7an eta ekainaren 14an hurrenez hurren). Trolebusen azken zerbitzua Errenteriako ibilbidean egin zen, 1973ko abenduaren 19an. Handik aurrera, hiriko garraio publikoko zerbitzu guztiak autobusen bitartez eman izan dira.
Donostiako Tranbia Konpainiak zailtasun ekonomiko handiak lehendik bazituen ere, enpresak ez zion uko egin bere zerbitzuak handitze eta hobetzeari, udalaren laguntzarekin. Hobekuntza horretan, alderdi azpimarragarrienetako bat izan zen Gros-Amara ibilbidea sortzea, 1974ko irailaren 30ean. Hala, lehen zeharbidea mustu zen, geroago, bestelako ibilbideetarako eredu bihurtu zena, hala nola Altza-Antigua linearako.
1981ko irailaren 30a funtsezko data da Donostiako Konpainiaren historian. Egun horretan Donostiako Udalak entrepresaren gehinezko kapital soziala eskuratu zuen. Etapa berri honetan, sareak bere zabalkuntza eta hobekuntza prozesuarekin jarraitu du: linea berriak sortu dira, tradizionalki aintzat hartu ez ziren auzoetara bideratuak, Errekalde edota Martutene bezela. Bestalde, Errenteria eta Berauneko lineak transferitu egin ziren, bai bata zein besteak, hiri-esparrua gainditzen zutelako.
Donostiako Konpainiaren historian beste gertaera garrantzitsua 2003ko irailekoa da: entrepresa Marrutxipi-ko kotxe-toki berrietara mugitzen da. Instalazio moderno hauek teknologia berrien inplementazioa, zuzendari-taldearen berriztatzea eta irudi korporatiboaren aldaketarekin hasitako aldaketa-prozesua sustatzea laguntzen dute.
2005.urtean, Donostiako Konpainiak DONOSTIABUS izen-komertziala hartu ondoren, Igarako hego-igeltxoaren (desagertzeko zorian dagoena) logotipoa ezartzen du ibilgailu berrietan eta orainarteko donostiar kolore urdinaz gain orlegia gehitu egiten dio ingurugiroaren aldeko apostuaren adierazgarri.
2005.urtean hiriaren goi-zonaldeetara -zerbitzurik gabekoak- bideraturiko mikrobusak erosten ditu konpainiak. Apirilaren 4an, hiriaren lehen mikrobus-linea zabaltzen da, Aldakoenea eta San Roque zonaldeak hiri-zentruaren bitartez lotzen dituenak alegia.
120 urteko historia beterik, Donostiako Tranbia Konpainiak garraio publikoko zerbitzu moderno eta eraginkorra ematen du, Europako hiririk hoberenen mailan, eta bide batez erronka berriak hartzen ditu, hala nola, ibilbide gehiago sortzea, ibilgailuen maila hobetzea, ingurumena kaltetzen ez duten ibilgailu berriak ekarrita, edo azpiegiturak berritzea, bai autobustegiari dagokionez, baita informazioko eta trafiko-kudeaketako elementuei dagokienez ere.
® DBUS.es: Fernando Sasiain, 7 | 20015 Donostia-San Sebastián Tlf: 943 000 200 | Erabilpen Baldintza | Harremanetarako | Web mapa